Iparragirre eta Gernikako Arbola
Gontzal Mendibil
Aurrerantzako bideak hartzeko, historia beti dugu ikasbide, nor garen, nondik gatozen, zerk batzen gaituen eta norantz joan nahi dugun, galdera hauei, derrigorrez, erantzutea dagokigu. Iparragirrek argi zeuzkan gaur askok eta askok, euskaldun sentitzen bagara ere, ahaztutzat dauzkagun kontzeptuak.
Argi zeukan, euskaldunon lurraldetasuna, hiru herrialdetik at, Nafarroan hasi eta Iparraldeko anaiekin batera eratzen dugula. Bere kantuak euskal lurra eta euskara goraipatuz, Euskal Herriari eskeinitakoak ziren. Herritarrei eta izan garen eta garen honi laguntzeko asmoz kantatu zuen. Kantuak eratuz eta hedatuz, hil arte Euskal Herria maite zuela kantatu zigun, libertadeaz hitzegiten zigularik han-hor-hemen.
XIX.mendea, oso da erakusgarria gure herriaren historia adierazteko, bi gerra, gosetea, emigrazioa, Euskal Herria politikoki eratzearen garaia. Eta hauxe bere ebazpena: “Iraultza, arbolekin eta kantuekin egiten dela ikasi nuen; herriak, guretzako anaiak direla eta tirano-jauntxoak etsaiak”. Herrien Europaz ari garen honetan, hori bera zen Iparragirerren aldarriaren leloa: “euskaldunon borondatea da herrien anaitasuna”.
Iparragirrek, bere aurreko idazle handiak goraipatzen zutena finkatu eta hedatuko zuen Gernikako Arbolaren kantuarekin. Baina, egun, esan beharra dut, sarri askotan, modernitate hutsalaren prejuizioak direla edo, idea nahasmedutan korapilaturik, euskaldun asko ez gara geureak diren ikur perziatuak defenditzeko gai sentitzen edota ez dugu indarrik edo gogorik geurea defenditzako lain, baina kanpotik berebiziko gogoangarria agertzen bazaigu, orduantxe konturatzen gara dugunaren balioaz.
Har ditzagun kontuan, Iparragirren aurretiko idazle handi eta poeta ezagunek aipatutakoa. Rousseauk: “Gernikako Arbola da askatasunaren zuhaitzik zaharrena eta esanguratsuena, arbola guztien aita”. Wordsworth poeta britaniarrak idatzitakoa ”Oak of Guernica” edo Tirso de Molinaren aipamen ezaugarria: “El Árbol de Guernica ha conservados la antigüedad que ilustra a sus señores, sin que tiranos le hayan deshojado, ni haga sombra a confesos ni a traidores”.
Arbolaren zentzua oso dago gure hizkuntzari lotua, zeren, euskara, lurrari loturiko arbola dugu, sustarrean eta senean duguna, fruiturik erabakiorrenak emango dizkiguna, hedatu behar duguna eta herri izan nahiaren bidean premiazkoena. Euskara, beraz, gure atxorrik preziatuena, lurraren lurretik arnastutako da.
Gehiegitan, modernotasun hutsalak analisi partzial okerretara garamatza eta aintzinekotasunaren gutxiespenera. Halaxe izan behar duelakoan. Historiak garrantzirik izan beharko ez duelakoan. Astarloaren aipamena ere esanguratsua (1752-1802).
Recorrí las voces vascongadas y vi en ellas puntualmente observadas todas aquellas reglas que nos dejó vinculadas la naturaleza […] Nuestras raíces todas ellas tienen un propio y peculiar significado.
Eta hala da, arbolaren ikurra eta adierazpena, lurrak ematen digu eta lurretik datorkigu, beraz, euskal lurra, Iparragirreren laurak batean, historia ereparatuz, zazpiak bat sartzen da. Argi zeukan Lurrak eman digula hizkuntza, lurretik jaso dugula euskararen zentzua eta bizia, eta lurrak lurraldetasuna eskatzen duela eta berarengadik datorkigula batasunaren hitza eta bitsa. Eta hakaxe adierazi eta kantatu zigun, elkartasunaren balioa aldarrikatuz:
“Alkar gaitezen anai maiteak, alkartzea da indarra
zuri begira daude Arabar, Gipuzkoa ta Nafarra
bizi pakean laurak batean, errespetatu arbola
arrotasunik batere gabe, euskaldun zaharrak bezela.”
Gure historia luzean, arbola izan da gure ikurrik handi eta esanguratsuena. Baina, konturatzen ote gara euskaldunok, “Gernikako Arboka” ikurtzat eta aintzat hartzen ez dutenek, edota beronen kontra agertzen direnen artean, denek ez badira, gehientsuenek euskararik ez dakitela eta erdararen adierazpenetik aldarrikatzen dizkigutela bere irizpidea?
Esanguratsua baita Iparragirrek idatzi zuen honako hau:
“O gaztelauak! Arren ez izan, gorrotorikan gugana
badakizute gure mendiak guztiz pobreak dirala
baina gu lanak ez gaitu aspertzen, osasun ona degula
zorion gera ikusten bada loraturikan arbola”.
“Eta munduan zehar ibili izan banaiz ere, edonondik gure herriari kantatu diot eta bihotzaren grinaz eta gogoz, Euskalerrira itzultzea erabaki nuen: “Baina bihotzak dio zoaz Euskalerrira”. Amerikatik itzuleran esandako hitz aipagarriak kontuan hartzekoak: “Gure arteko gorroto ziztriñak dira gehien mintzen nauena. Gaur guztiok esan dezagun, ahaztu gure egun txarrak eta etorkizunean sinistu dezagun. Eraman ditzagun mundura gure elkartasuna eta kantu hauek, guztiontzako dauka itzal ederra gure arbola santuak”.
Beraz, dugun ikurrik handienari, gure arbolari, eman diezaiogun bizitazuna. “Zaude bada zutikan, orain da denbora, eroritzen bazera arras galdu gera” zioen Urretxuarrak. Eta jakina, kantuz bada, zer hobe esaerak diona kontuan hartzea: “kantatzen duen herria ez da inoz hilko”. Beraz, geurea erabakia!