Euskal Herria / Baskoniaren ereserkiaren aldeko manifestua

Manifestu honen sinatzaileok, euskal musikari, kantari eta kantautoreak, euskal herritarrak guztiak, jabetzen gara sinboloek, tartean direla musika eta abestiak, garrantzi handia dutela herrien talde iruditerian, eta euskal gizarteari hauxe azaldu nahi diogu:

Herri orok du berau identifikatzen duten hizkuntza, sinbolo eta ohiturak, baita gure herriak ere, hiru unitate politiko-administratibotan banaturik bada ere (Nafarroako Foru Erkidegoa, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Euskal Hirigune Elkargoa), Nabarra/Nafarroan, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan elkartua.

Mendetan lortu dugu gure hizkuntzari, gure doinuen sorta, dantza, kirol eta beste hainbat ezaugarriri eustea, eta atxikimendu politikoa eta pentsaera edozein dugula ere, horiek herri gisa identifikatzen gaituzte. Zorionez, lortu dugu administrazio zatikapen guztien gainetik elkartzen gaituen jatorrizko izenari eustea: Euskal Herria euskaraz, antzinako Baskonia. Onartu dugu ere goiburu bat, Zazpiak Bat, Axularrek 1643an jada nabarmendua.

Eta ereserkia? Zein da Euskal Herriaren ereserkia? Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleek 1983an aukeratu zuten ofizialki berea: Eusko Abendaren Ereserkia. Era berean, 1986tik, Foru Legearen bitartez, Nafarroako Foru Erkidegoak bere ereserkia du, Gorteen Ereserkia deitua. Ipar Euskal Herriak ez du euskal ereserki ofizialik. Beraz, lurraldeon osotasunak ez du batuko gaituen ereserkirik eta, beraz, inbidia sanoz ikusten ditugu ideologia guztietako gure auzoko frantsesak, galiziarrak edo katalanak elkarrekin Marseillesa, Os Pinos edo Els Segadors kantatzen.

Egia da euskarazko abesti batzuk etengabe erabili direla gure gizarte liturgietan, baina haietako batek ere ez du pisu, historia eta hedadura nahikorik herrialde osoa ordezkatzeko. Baskoniak, kantatzen duen herriak, ez du kantatuko dion ereserkirik.

Aldiz, nahikoa dugu oroimenean pixka bat lardaskatu deskubritzeko badugula ereserki eder bat, 1853tik gaurdaino elkartu gaituena eta, ulertezina bada ere, baztertua: Jose Mari Iparragirreren Gernikako Arbola; aurten ospatzen dugu, hain zuzen, euskal abeslariaren jaiotzaren bigarren mendeurrena.

Esan dezagun argi eta garbi: lehen aldiz jo zenetik, Gernikako Arbola izan da euskal herritarren ereserkia, eta halaxe idatzi zen literaturan, kantutegietan eta partituretan, mende batetik gora. Izaera ofiziala izan zuen eta, batez ere, herriaren babesa; herri gutxik eskaini diote beren sorterriari ereserki adierazgarriagorik.

Inork ez du azalpen argirik zortziko hori zergatik hedatu zen horren laster, eta ez bakarrik zazpi lurraldeetan, baizik eta euskal herritarrik zegoen mundu zabaleko bazter guztietan; nola bertso hunkigarri batzuek, sinpletasun ederrekoek, harrotu zuten Euskal Herriaren sentimendu abertzalea, hainbeste non gogotsu kantatu baitzituzten karlista eta liberalek, errepublikazale eta sozialistek, kontserbadore eta iraultzaileek, euskal nazionalista eta nabarristek, euskal abertzale eta espainolistek. Sinestunek erlijio balioak ikusten zituzten bezala, laikoek Askatasunaren ikurrari egiten zioten erreberentzia, frantses iraultzaileen gisa berean. Zer da, bestela, ereserki nazional bat, ez bada herritar guztiak kantatzera zirikatzen dituen hori?

Ikertzaileen iritziz, gure herrialde zaurituak bere askatasunak galdu izanak eta euskal musika peto-petoa izateak (zortzikoa) eman zioten berehalako arrakasta eta iraupena denboran, baina arrazoia da ereserkiak batez ere Foruak eta Baskoniaren, Euskal Herriaren batasuna gorpuztu zituela, isolamendurako edozein tentaziotik urrun zegoen batasuna, guztiz bateragarria euskaltasunaren ideia unibertsal eta humanistarekin.

Ez dago ereserki politikorik hain oparo erregistratuta Euskal Herriko eskualde guztietan, Tuteratik hasi eta Baionaraino. Erriberako paloteado makil dantzetan eta Zuberoako pastoraletan kantatzen zen, erregeen harreretan eta Sanferminetako zezenketetan, antzoki txikietan eta opera handietan. Gure musikari handi guztiek birsortu zuten, eta bertsioak sortu, eta ez dago artxibategi historikorik haren partitura bat ez duenik.

Merezimendu osoko edozein ereserkik bezala, Gernikako Arbolak bere epika ere badu. Sortu eta bi urtera bakarrik, Iparragirre, gure historiako lehen kantautorea, atxilotu egin zuten, gure lurraldetik kanporatu zuten hura kantatzearren. Ereserkia, ordea, bertan gelditu zen: debekatzen tematzeak hedatu egin zuen, haize askatzaile bihurturik. Donostian, Sanrokadan, kantatzea bizitzarekin ordaindu zuten hiru pertsonak. Nafarroan, foruen aldeko aldarri bihurtu zen Gamazadan. Bere doinuek foruak berrezartzearen aldeko mugimendua hauspotu zuten 1918an; ongi etorria eman zioten Errepublikari; estatutuaren aldeko biltzarren lekuko izan ziren; Galeuzkaren sorrera jantzi zuten; eta lau probintzietako alkateak elkartu zituzten 1934ko mugimendu autonomistan.

Are garrantzitsuago; 1937an, Gernika suntsitu zutenean, foruen herriaren sinbolismoa harrotu zuen ereserkia (“eman ta zabal zazu / munduan frutua”) demokraziaren, bakearen, herri erresistentziaren munduko ikur izatera pasa zen, totalitarismoen aurrez aurre. 1949an, Ipar Euskal Herrian III. Reicharen gaineko garaipena ospatu zutenean, Gernikako Arbola izan zen ereserki ofiziala Marseillesarekin batera.

Laburbilduz, euskal eta nazioarteko ereserki bat da, munduko sinbolo, lurralde guztietan dokumentatua, denboran iraun duen historia eta epikaren jabe eta, ohikoaz oso bestela, oso askotariko ideologietako pertsonak hunkitzeko gai. Ezin zaio biografia hoberik eskatu ereserki bati.

Heldu da garaia historikoki elkartu gaituen ereserki bat kantatzeko, artean gure Herrialdeko joera politiko guztiak ados jartzen baikaitu gehienean: Gernikako Arbolaren lehendabiziko bertso lerroak.

Deia zabaldu nahi diogu Euskal Herri osoari, kantatu eta zabal dezan.

Gernikako Arbola
da bedeinkatua
euskaldunen artean
guztiz maitatua.

Eman da zabal zazu
munduan frutua
adoratzen zaitugu
Arbola Santua.

Manifestua sinatu | Firmar manifiesto | Signer le manifeste

* Bete beharrezkoa da | Campo obligatorio | Champ requis

Datu pertsonalen erabilera eta datu horien zirkulazioari begira pertsona fisikoen babesa ziurtatzeko EUROPAKO PARLAMENTUKO ETA KONTSEILUKO EB 2016/679 ERREGELAMENDUA, 2016ko apirilaren 27koa, eta aldi berean 95/46CE (RGPD) Zuzentaraua baliogabetzen duena, betez, erabiltzaileari jakinarazi zaio, eta baimena eman du, haren datuak Altaffaylla Fundazioaren ardurapeko fitxategi batean gordetzeko, manifestuari borondatez atxikitzeko helburuarekin. Informazioa eman diogu, halaber, haren eskubideen inguruan, zuzentzeko, ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, aurka egiteko eta datuen eramangarritasunaren eskubideak baititu, eta egikaritu ahal izanen baititu info@gernikako-arbola.eus gunean. Emandako datu pertsonalak ez dira emanen ez eta komunikatuko ere, gordetzeko helburuz ere ez, hirugarren pertsonei.

De acuerdo con lo establecido por el REGLAMENTO (UE) 2016/679 DEL PARLAMENTO EUROPEO Y DEL CONSEJO de 27 de abril de 2016 relativo a la protección de las personas físicas en lo que respecta al tratamiento de datos personales y a la libre circulación de estos datos y por el que se deroga la Directiva 95/46/CE (RGPD), el usuario queda informado y presta su consentimiento a la incorporación de sus datos a un fichero del que es responsable Fundación Altaffaylla, con la finalidad de llevar a cabo la adhesión voluntaria al manifiesto. Le informamos también sobre sus derechos de acceso, rectificación, supresión, limitación del tratamiento, oposición y portabilidad de los datos, que podrá ejercer en info@gernikako-arbola.eus. Los datos personales suministrados no serán cedidos ni comunicados, ni siquiera para su conservación, a terceras personas.

Conformément aux dispositions du RÈGLEMENT (UE) 2016/679 DU PARLEMENT EUROPÉEN ET DU CONSEIL du 27 avril 2016 relatif à la protection des personnes physiques à l’égard du traitement des données à caractère personnel et à la libre circulation de ces données et par laquelle la directive 95/46 / CE (GDPR) est abrogée, l’utilisateur est informé et consent à l’incorporation de ses données dans un fichier dont Altaffaylla Fundazioa est responsable, afin de procéder à une adhésion volontaire au manifeste. Nous vous informons également de vos droits d’accès, de rectification, de suppression, de limitation de traitement, d’opposition et de portabilité des données, que vous pouvez exercer à info@gernikako-arbola.eus. Les données personnelles fournies ne seront ni transférées ni communiquées, même pour leur conservation, à des tiers.
712 sinadurak | firmas | signes