Euskal Diaspora

Euskal diaspora eta Gernikako Arbola

Behean sinatzen dugunok zortzigarren euskal probintziakoak gara, hau da, bere garaian Baskonia utzi eta Amerikan eta munduko beste kontinenteetan leku hobeak bilatu zituzten euskaldunen milioika ondorengoek osatutako euskal diasporakoak.

Batzuk agian euskaldunen izpiritu abenturazalearengatik etorri ziren; beste batzuk beharretik ihesi; beste batzuk, Foruen galeraren desengainuagatik eta soldadutzatik ihes egin nahian; asko erbestera behartuak XIX. mendetik gure lurra zauritu zuten gerrengatik; beste batzuk, besterik gabe, aurretik etorritako senideen oparotasunak erakarrita. Agian denetarik egon zen. Baina, egia esan, belaunaldiak igaro dira, eta hemengo askok Euskal Herria gure lurra dela ikusten jarraitzen dugu; gure abizenak, gure arbasoak eta, batez ere, gure herriaren izaera eta kemena ezagutzen ditugu, leku guztietan aitortzen direnak.

Hemen urte asko daramatzagu batzen gaituena lantzen, hizkuntza, ohiturak, dantzak, kantuak, eta abizenengatik ez bada, ia ez dugu bereizten gure probintziako jatorria: Iparraldetik, Nafarroatik edo Bizkaitik etortzea hemen jada bigarren mailakoa da. Zazpi probintziek bat egiten dute distantzian, eta hemendik gure herrialdea ikusten dugu astronautek lur planeta ikusten duten bezala: zerbait maitatua, bakarra, batua.

Gaur egun hiru administrazio-erakundetan banaturik egotera eraman gaituzten gorabehera historikoak ulertzen ditugu: Nafarroako Foru Erkidegoa, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Communauté d’aglomeration Pays Basque. Baina guretzat Baskoniak, Euskal Herriak, bat izaten jarraitzen du eta Zazpiak Bat da gure etxe, txoko, frontoi eta Euskal Etxeen buru.

Zorionez, euskara gure herriaren oinarrizko argamasa da, baina faltan sumatzen ditugu, behar ditugu, herri osoa ordezkatzen duten sinboloak. Adibidez, hemen errespetuz eta maitasunez entzuten ditugu gure autonomia ezberdinetako ereserki ofizialak, eta gure gurasoek erakutsi zizkiguten kantu aberkoi zaharrak ere abesten ditugu; hala ere, Gernikako Arbola da oraindik abesti eta ikur musikalik adierazgarriena, 1858ko urriaren 29an jendetza batek Rio de la Platako kaian abestu zuenetik, erbesteratu zuten José María Iparraguirre egileari ongietorria emateko.

Aspalditik interes handiz jarraitzen ari gara musikari, kantari, idazle eta pertsona ospetsuen manifestuak, sinbolo bateratu hau berreskuratzearen alde. Ideologia guztietako eta euskal unibertsitate guztietako historialari talde garrantzitsu baten hitzekin identifikatzen gara bereziki: “Gernikako Arbola solemnitatez abestu zuten guztiek, karlistek, komunistek, kontserbadoreek, liberalek, nazionalistek, errepublikanoek eta sozialistek”. Adurretik Ebrora, belaunaldiz belaunaldi, euskaldun sentitzen ziren euskaldunek eta espainiar edo frantziar sentitzen ziren euskaldunek ere abestu dute. Nazio moderno baten ikur gisa edo antzinako foraltasunaren eta askatasun tradizionalen adierazgarri gisa ulertuta, nekez aurkituko da hainbeste borondate batzen dituen eta hain kidetasun sakonak sortzen dituen kanturik.

Euskal Herriko zortzigarren probintzia den aldetik, ezer gutxi egin dezakegu gure lurraldeko alderdi eta erakunde politiko eta kulturalen aurrean. Gainera, ez dugu lurraldeen, alderdien eta belaunaldien arteko eztabaidetan sartu nahi, euskal herritarren etorkizunari nola aurre egin behar zaion aztertzeko. Hori bai, urruntasunetik nahi genuke gure ikuspegi orokorra, hau da, herri batuaren ikuspegia zuei helarazi eta, errespetu osoz, ereserki historiko bat, euskal ikur internazionalena, berreskuratzeko gonbita egin, zortzi probintziak ordezkatzen eta batzen jarrai gaitzan.

Mikel Ezkerro / Historiador de la diáspora vasca, Buenos Aires.

Maria Elena Etcheverry de Irujo y Ollo / Médica, Buenos Aires

Fabio Javier Echarri / Universidad Nacional del Nordeste / Chaco (Ar.)

Mariana Fernández Castelli / Agrup. Vasco-Argentina, San Martín

Santi Bereciartua / Abogado, Rosario (Ar.)

Carlos Costa / Médico, Montevideo, (Uru).

Mª Cristina Martínez Elizalde / Médico, Montevideo, (Uru).

María Julia Listur / Prof. Historia, Montevideo, (Uru).

Agurtzane Aguado / Presidenta del Euskal Herria, Montevideo, (Uru).

Josu Landa Goyonaga / Filósofo, escritor, Venezuela.

Jaione Arrieta Galarraga / Coordinadora diáspora / México

Joseba Buj / Escritor. Universidad Iberoamericana / México

Jose Vicente Katarain / Editor, Euskal Etxea de Bogotá

Gonzalo Linazasoro / Abogado, Santiago de Chile

Fernando Lizarbe / Zazpirak Bat, Rosario (Ar.).

Wilfredo Lizarzaburu / Centro Vasco de Trujillo, Perú

Javier Tisera / Periodista, Centro Vasco San Nicolás, (Ar.)

Guillermo Canut Garramiola / Euskal Etxea. Rosario, (Ar.)

Carlos Aznárez / Periodista, Buenos Aires (Ar.)

Eneko Tuduri Zubillaga / Investigador, Univ. de Reno. USA.

José Antonio Ocariz / Médico. Maine. USA

Jesús A. Hormaza / Ingeniero, La Habana, Cuba.

Daniel E. Aranguren Echeverria / Ingeniero, La Habana

Anjel Azkarraga Etxebarria / Jubilatua, La Habana

Txutxo Abrisketa / Empresario, La Habana

Jesus Loizaga Arbizu / La Habana