Urretxuko Adierazpena
ADIERAZPENA Euskal Herria / Baskonia osoari
Aurten, Gernikako Arbola ereserkiaren 170. urteurrena ospatu dugu. Jose Maria Iparragirre kantautore urretxuarrak konposatu zuen eta, esaten dutenez, 1853an kantatu zuen lehen aldiz. Aztoramen handiko garaia zen, euskal foruek eraso gogorrak jasan zituzten eta, ondorioz, Iparragirreren zortzikoak arrakasta itzela izan zuen gure herri osoan eta euskal diasporan.
Gernikako Arbola begirune osoz kantatu zuten karlistek eta anarkistek, kontserbadoreek eta liberalek, euskal nazionalistek eta errepublikarrek, sozialistek eta komunistek. Aturritik Ebrora, belaunaldi askok hartu dute ahotan gure doinu hau: euskaldun bakarrik sentitzen ziren euskal herritarrak, baina baita euskaldun eta, aldi berean, espainiar edo frantses sentitzen zirenak ere. Nafarroako Erriberako herrietan ere ahotan hartu zuten; haiek ereserkia gaztelaniaz kantatu zuten. Dela nazio moderno baten erakusgarri, dela foru zaharren eta askatasun tradizionalen adierazpen gisa, nekez kausitu ahal izango dugu hainbeste borondate bateratzen dituen eta talde partaidetza sentimendu hain sakonik sortuko duen kanturik. Integrazio gaitasun eta zeharkakotasun horrek zinezko ereserki nazional bilakatu du, hitzaren zentzun onenean. Halaxe definitu zuten Pedro Egañak, Justin Cénac-Moncautek eta Juan Iturralde Suitek, besteak beste. Munduko diskografia historikoak, munduko literaturak, prentsak eta entziklopediek, hain zuzen, hala ikusi dute sarritan, eta askatasunaren nazioarteko sinbolo eta herrien arteko bake ikur gisa identifikatu dute.
2020ko abuztuaren 12an, Iruñean, musikari talde batek eta hainbat kultura-eragilek, egungo zatiketa administratiboen gainetik, Gernikako Arbola Baskonia osoaren sinbolo gisa berreskuratzeko lehendabiziko manifestua atera zuten. Orduan esan zen, eta orain berretsi egiten dugu, ez ditugula kaltetu nahi Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako Foru Erkidegoko eta Euskal Hirigune Elkargoko ereserkiak; horien osagarri izatea nahi dugu ahal den guztietan, bateratzen gaituen guztiaren oroimenez eta bereizten gaituenaren errespetuz.
Hiru urte honetan, manifestu ugari argitaratu dira, eta guztiek ere ereserkiak historikoki izan duen aniztasun ideologikoa eta zeharkakotasuna islatu dute. Manifestuak atera dira Nafarroa Garaitik, Ipar Euskal Herritik, eta Diasporatik. Gure unibertsitate guztietako katedradunek eta irakasleek ere atera dituzte, musikariek, idazleek eta editoreek, alderdi guztietako militanteek. Bada, gaur plazaratzen dugun manifestu honek aurreko horiek guztiak laburbiltzen ditu.
Gaur, hemen bildutako guztiek, agintariek, eta askotariko ordezkariek, izan musikaren, kulturaren edo kirolaren mundukoak, izan gure herrialdeko instituzio garrantzitsuetakoak,
ADIERAZI NAHI DUGU:
- Egungo ereserki ofizialei kalterik egin nahi gabe, Gernikako Arbola dela artean ere munduko euskal herritar guztiak senidetzen gaituen ereserki historikoa.
- Senidetasun historiko horrekin bat etorriz, konpromisoa hartzen dugu hura zabaltzeko eta merezi duen begirunez kantatzeko, era guztietako ekitaldietan, direla politikakoak edo gizarte-arlokoak, direla kulturakoak edo kirolekoak, eta dei egiten diegu Gure Herriko instituzio guztiei berreskura dezaten.
Urretxu, 2023ko azaroaren 26an