Gora ta gora, Gernikako Arbola
Gontzal Mendibil – Abeslaria – NAIZ 11/02/2021
Euskal Herriko lurralde osoarentzat, zein liteke guztiok ordezkatzen gaituen ereserkia? Egin dezagun galdera hori eta bakoitzak atera bedi bere gogoeta, zeren, badira euskaldun gehiago mugaz gaindiko hiru probintzietatik at ere.
Ereserkietaz ari gara, bi ereserki ezagun eta entsutetsuetaz, bakoitza bere izaera bereziarekin eta biak gertakizun historikoz hornitutakoak. Herri eta nazio bateko ereserkia izateko, bai hitzetan eta musikan, bere atal historiko-kulturala nabarmendu beharrekoa da eta herri legez batzen gaituen baliabideak euki ditzala, horixe da eskabidea.
Baina guzti honez gain, preziatuko dugun hori kantu eta ereserki nazionala bilakatzeko, premiazkoa da orotasunean herritarren artean hunkimena sor dezan. Ereserki nazional on batek sentiberatasunera jo behar du eta herritarrak sutu behar ditu.
«Eusko Abendaren ereserkia»-k edo «Gora ta Gora»-k, zein «Gernikako Arbola»-k, biak eder eta onuragarri diren aldetik, aintzinatean finkatutako egitekoa betetzen dute. Eta elkarkidetzan eta distentsio garaietan gaudenez, osagarri izan daitekez eta ez du zertan batak bestea ordezkatu; bakoitzak du bere gunea.
Herri ainitzek eta nazio ugarik dituzte ereserki desberdinak eta era berean baterakoiak eta bata bestearekiko bizikide direnak. Begira dezagun Erresuma Batura, etengabekoa da bi ereserkiren bizikidetza. «God save the Queen» («Jainkoak erregiña salba dezala») ereserki ofizial-instituzionala, eta Edwrad Elgar egileak sortutako «Pomp and Circumstance March» («Ospe martxaren inguruabarra»). «Lurra eta esperantza» esanguraz, Shakespearrek sortutako Otelo III ekitalditik jasoa.
Euskadik, gaur Euskal Autonomi Erkidegoa deritzonak, badu bere ereserkia, eta Nafarroak ere «Gorteetako ereserkia» izendaturikoa du, baina, Euskal Herriko lurralde osoarentzat, zein liteke guztiok ordezkatzen gaituen ereserkia? Egin dezagun galdera hori eta bakoitzak atera bedi bere gogoeta, zeren, badira euskaldun gehiago mugaz gaindiko hiru probintzietatik at ere.
Beraz, abiadan dauden ekimenek ez dute nahi bat bestearen ordezko izan dadin, baizik eta osagarri, hauxe nire iritzia, eta ustez, Gernikako Arbolaren aldeko manifestua sinatu genuen kantari-musikari-zuzendari eta geroan gehituriko historiagile, bertsolari, politiko-ohi, erakunde kultural edota jende anonimoarena ere.
Eta ikuspegi historikoa garrantzizkoa bada, are gehiago herri legez etorkizunerako beharko genukeen ikuspegia. Eta guztiok partekatuz eta kooperatuz, ba ote da ba nahi hoberik elkarrekin bidea egitea baino?
Bakoitzak du bere ikusteko era eta guztiak dira errespetagarriak. Izango dira, nola ez, eritzi kontrajarriak, eta izango da baita, zergatik ereserki baten beharra dionik ere? Eta galdera egiten dut edota hobe, erantzuten dut, zergatik sentitu, pentsatzearekin nahiko badugu? Zergatik sentiberatasuna, arrazonamendu oro nahikoa bada? Zergatik guztion hizkuntza bateratsu bat? Eta azkenik, zergatik abestu, entzuteaz nahiko badugu? Ba, horixe, bizitzeko, bizitzen jarraitzeko, izaten jarraitzeko eta, batez ere, elkarrekin sentitzen irauteko.
Eta elkarbizitzaz mintzatzean, nabarmentzekoa da Sabino Arana, Gora ta Gora hitzen egileak, Gernikako Arbolari «abertzale ereserki hilezkorra» deitzea. 1894ko Gamazada garaian, Iruñatik honako hau idatzi zuen: «Telegrafío desde el Casino principal donde por los navarros somos fraternalmente agasajados… Allí y haciendo coro con los socios de dicho casino, entonamos repetidas veces el inmortal himno del insigne Iparraguirre, el glorioso ‘Gernikako Arbola’… S. Arana».
«Gernikako Arbola» sustatzea, askatasun zuhaitzen ikurra izatearen gainetik, nire iritzian, hizkuntza baterakoi baten eta historian kulturan eta elkarbizitzan barneratzen den guztion lurraldea bultzatzea da.
Eta elkartze bilaketa horretan, ereserkiak, hunkiberatasunarekin, historia eta kultura bizikidetza baten proiektua ordezkatzen du, erroak iraganean dituelarik, baina batez ere etorkizuna irudikatuz.
«Batasuna aniztasunean» honako esaera hau darabilte egunotan Estatu mailako politikan; ekar dezagun gurera ere geuri dagokiguna eta «Gernikako Arbola»-k, guztiona izanik, aniztasunean elkartzearen eginkizun hori euki dezala. Beraz, kulturaren batasunaren defentsan, amankomukeko hikuntzan kooperatzeak beti etekin hobeak dakarzkigu. Oraingo proposamena ez da batere berria, izan dena erakartzea eta gaurkoratzea, besterik ez. Eta inongo zalantzarik gabe «Gernikako Arbola»-ren babesa Iparraldean eta Nafarroan, izan ere, orokorra da. Besoak zabalik har ditzagun!
Azken finean, aniztasunetik oinarrizko ideia bateratsu baten helburuaz, euskal kulturaren laguntza eta herri batek irauteko behar duen indar eta adore horri eustea lortu behar genuke. «Gernikako Arbola» kantua kulturaren sentiberatasun bat-egite horretan kokatzen da, sentikortasun desberdinen batasunean. Beraz, Gora Euskadi eta Gora Euskal Herria.