Historiatik, Gernikako Arbola aldarri
Berriki zenbait talde sozial, kultural eta politikok ekimen bat abiarazi dute Gernikako Arbola berpizteko, ideia eta nortasun guztiak gainditzen dituen himnoa baita, behinola Euskal Herri osoko ondaretzat joa. Azken aldi honetan hein batean ahantzia izan da, elkarri gibela ematen luzaz egon diren erakundeen artean elkargune bat sortzen lagun balezake ere.
1853an aurrenekoz jende aurrean jo zenetik, denek, hots handiz, kantatu zuten Gernikako Arbola, karlistekin hasi eta komunistekin bukatu, kontserbadoreak, liberalak, abertzaleak, errepublikanoak eta sozialistak barne. Aturritik Ebrora, belaunaldiz belaunaldi, euskaldun soilik eta espainol zein frantses ere sentitzen ziren euskal herritarrek ahopekatu zuten. Nafarroako Erriberan ere bai, hor gaztelaniaz kantatu baitzuten batzuetan. Nazio moderno baten ezaugarri edo antzinako foruen eta askatasun tradizionalen adierazgarri, nekez atzemanen da hainbeste borondate bildu eta hain elkartasun sentimendu sakonak sortzen dituen kanturik. Elkarganagarri eta “zeharkakoa” izategatik benetako himno nazionala da, hitzak duen zentzurik hoberenean ulerturik, besteak beste, Pedro Egañak, Justin Cénac-Moncautek eta Juan Iturralde Suitek izendatu zuten bezala.
Aipatu ekimena egilearen jaiotzaren bigarren mendeurrenarekin bat dator. Jose Mari Iparragirre gipuzkoar koplariaren bizitza XIX. mendea inarrosi zuten haustura eta liskarren artean joan zen, hasiera batean alderdi karlistari atxiki baitzion, baina gero liberalismora hurbildu baitzen. Erbestea sufritu behar izan zuen horregatik. Hala ere, bere herriarenganako maitasunari uko egin gabe, bere poema eta kantuei ikuspegi unibertsala ematen jakin zuen, lehenik Europan, mugimendu iraultzaileek jorik, urrunago gero, Ameriketan. Iparragirreren bizitza mende horretako tirabira sozial eta politikoen adibide bat da, baina haiek gainditu eta garai berrietara egokitzeko gaitasunarena ere bai. Gernikako Arbolak, haren maisu-lan gogoangarriak, zorioneko bikoiztasun hori erakusten du, non Lege Zaharrarekiko lilurak bat egiten baitu euskaldunen arteko bakearekiko konpromisoarekin.
Historia ikasten dihardugunendako, Gernikako Arbolak gure garaiko gertaera anitz ikuspegi oparoago batetik konprenitzen laguntzen du eta akuilu bat da iraganaren ezagutza gazteen artean zabaltzeko. Horregatik haren berreskurapenaren alde jo dugu, gaur egungo zatiketa administratiboez gaindiko ikur gisa. Gure ustez, Gernikako Arbola ez da itzuli Euskadiko Autonomia Erkidegoko, Nafarroako Foru Komunitateko eta Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoko himno ofizialak baztertzeko, ahal bezainbat ekitalditan haien eskutik joateko baizik. Batzen gaituena gogoan eta bereizten gaituena aintzakotzat.
Joseba Agirreazkuenaga (EHU), Mercedes Arbaiza (EHU), Nerea Aresti (EHU), Jesus Casquete (EHU), Pedro José Chacón (EHU), Jean-Louis Davant, Michel Duvert (Bordele-Segalen Unibertsitatea), Idoia Estornés, Ángel García-Sanz (Nafarroako Unibertsitate Publikoa), José Luis de la Granja (EHU), Iñaki Iriarte (EHU), Jurgi Kintana (EHU), María del Mar Larraza (Nafarroako Unibertsitatea), Miren Llona (EHU), Virginia López de Maturana (EHU), Juan Madariaga (Nafarroako Unibertsitate Publikoa), Emilio Majuelo (Nafarroako Unibertsitate Publikoa), Manuel Martorell, Ludger Mees (EHU), Fernando Mendiola (Nafarroako Unibertsitate Publikoa), Ignacio Olábarri (Nafarroako Unibertsitatea), Santiago de Pablo (EHU), José María Portillo (EHU), Antonio Rivera (EHU), Karlos Sánchez Ekiza (EHU), Juan María Sánchez-Prieto (Nafarroako Unibertsitate Publikoa), Susana Serrano (EHU), Ana Isabel Ugalde (EHU), Mikel Urquijo (EHU), Xabier Zabaltza (EHU).